“Durangoko azoka: Idazleen irudimena”

Durangoko azokan irudimen froga bat egin dugu. Argazki bat erakutsi diegu zenbait idazleri eta errealitatea eta asmakizunaren arteko esperimentuan jarri ditugu.

JON BENITO
 
«Argazkian agertzen dena izan daiteke lan tresnak edo eskuak, kasu honetan agerian dituen idazle bat, baina bere nortasuna ezkutatu nahi duena».
MARIASUN LANDA
 
«Argazki honek sugeritzen nauena egoera animiko bat da : etsipenarena, desolamenduarena eta mundu honetatik alde egiteko gogoarena da».
JUAN KRUZ IGERABIDE
 
«Nire ustez poeta bat da. Bere lehen liburua gogoratzen eta baita bere azken liburua irakurri eta gero».
ARRATE EGAÑA
 
«Nire lehenengo inpresioia da tristuarena eta bigarrena Turandot operarena. Amorante guztiek burua galtzen dutelako printzesagatik».
JOSEBA ZULAIKA
 
«Pertsonaiak bere buruari: berriro egin dut, ai nire Jainkoa! Zer gertatzen zait niri? Ez beste behin mesedez, ez beste behin!».
IBAN ZALDUA  
«Gizon hau ikusezinaren ukenduaren asmatzailea izan zen. Eta aurpegian ukendua ematearekin nahikoa zela anonimotasuna lortzeko konturatu zen».
BERNARDO ATXAGA
 
«Argazkiak erakusten du bihotzak agintzen duena baina egin behar ez dena. Beti egin behar buruak agintzen duena. Ezkutatzen duena, ostrukaren moduan, ez du meriandirik merezi».
   

ARGAZKIA: TURIN, 1980
EGILEA: RAYMOND DEPARDON

Raymond Depardon argazkilari frantziarra, Italiako zenbait zoroetxetan ibili zen 80ko hamarkadan. Turingo batean, gizon hauxe aurkitu zuen, jangelako mahaira eserita, bakarrik, jatekoaren zain. Raymond Depardonek dio, dozena bat zoroetxetan ibili ostean, gizon hau izan zela bere aurpegia ukatu zion bakarra. Gainerakoek ez ziotela arazorik jarri batere: argazkia egiten uzten zioten batzuek, eta beste batzuek argazkilaria han ez balego bezala jokatzen zuten. Raymond Depardonek dio, zentzutasunaren kontu asko ikasi zituela ero haien artean. Kameraren aurrean ezkutatzen den hau izan daiteke horrexen adibide bat. Raymond Depardoni, "gardentasunaren dokumentalista" deitzen zioten, ez baitzuen deus ezkutatzen argazkietan. Ero bakarti italiar honek, ordea,
erakutsi zion gardentasun gose hori guztia faltsua zela. Gizon bat, mahaira eserita, keinu batez eta hitzik batere gabe, izan zen erakutsi ziona, ikusezinkoak izatea dela gerta dakigukeen gauzarik onenetakoa.