"Argi bat, hamaika esanahi”

Itsasargia: Itsasaldean, itsasgizonen lagungarri eta gidari, eraikitzen den dorre argiduna. Halaxe definitzen du itsasargia hiztegiak. Baina, itsasgizonentzat ez ezik idazleentzat ere lagungarri eta gidari izan dira itsasargiak. Robert Louis Stevensonentzat, adibidez. Idazle eskoziarra itsasargi-zaindari baten semea zen. Esaten zuenez, horrek lagundu zion munduaren amaiera eta hortzemugaren hasiera zehazten. Horrelakoa izan zen bere literatura ere, mugarik gabeko abentura bat zeinak hegoaldeko itsasora eraman zuen. Horregatik, agian, hiztegia ez litzateke hain zekena izan behar itsasargiez mintzo denean.

 

MIREN AGUR MEABE
 

«Itsasargiak toki bereziak dira. Hasteko, lurralde ezagunaren amaieran egoten dira, leku bakartuetan, leku babesgabeetan. Eta leku babesgabeetan egonik babesa dira. Beste alde batetik, itsasargian ez da egoten linterna hutsa. Itsasargian bertan farozainak du bizilekua edo han inguruko etxeren batean. Eraikinak berak eta bertako biztanleek, nik uste dut, sekretuari, misterioari eta ohikoa ez denari eraikitzen diotela bidea. Eta azkenik, itsasargia metaforikoki ere hainbat gauzaren sinboloa izan daiteke. Izan daiteke ilunpean argia ematen duen gidaria…»

«Itsasargiak eszenatoki potenteak dira. Hitz hori entzutearekin batera, hainbat iradokizun etortzen zaizkigu burura. Bai Verne-ren «munduaren azken muturreko faroa», edo bai Virginia Wolf-en paseoaldietako bakarrizketak faroranzko bidean…»