“Konformagaitz baten lekukotza”
Harold Pinterrek zera dio: ez dagoela muga argirik erreala denaren eta irreala denaren artean, ezta egiaren eta gezurraren artean. Kontu batek ez du zertan egia biribila ala gezurra izan behar, bietatik zerbait eduki dezake. Hori horrela izanik, uste du artea bitarteko ona dela errealitatea arakatzeko eta idazle den aldetik, halaxe jokatzen du. Baina hiritar moduan ezinbestekoa zaio galdetzea: zer da egia, zer gezurra?
MAITE AGIRRE
 

“...segituan etiketa jarri behar izaten zaio zerbaiti, eta esaten da Pinterren teatroa absurdua dela... Pinterren teatroa errealista da eta errealismoa edo errealitatea bere ikuspegitik ikusita dago, noski. Berak esaten du gure errealitatean gauza bat egia izan daiteke, edo faltsua, edo biak batera. Errealitatea oso gauza konplexua da. Errealitatean askotan ikusten dugun egoera absurdu hori batzuetan komikoa bihurtzen da, beste batzuetan, mehatxugarria. Pinterren kasuan, gehienetan, mehatxugarria bihurtzen da, beldurgarria. Baina, azken finean, errealitateari buruz hitz egiten ari da...”.

 

ALFONSO SASTRE  
“Judu izateak eragina edukiko zuen. Hasieratik erakutsi zuen halako sentsibilitate etikoa. Horregatik antzematen zituen hain ongi inkomunikazio arazoak, eta ezkerraren borroka politikoan inplikatzera eraman zuen horrek. Une batzuetan isolaturik geratu zen, intelektual asko eskumara lerratu zirelako, eta bera berriz geroz eta ezkertiarragoa zen. Kazetari bati irakurri diot intelektual konformagaitzen bila zebilela lan baterako, eta memento batean Pinter besterik ez zuen aurkitu. Idazle britainiar guztien artean bera zen konformagaitz moduan aurkez zitekeen bakarra”.