“Bierce garratza”
Maupassant eta Edgar Alan Poeren narratibarekin parekatu izan dute Ambrose Biercen lana, eta neurri batean badago loturarik baten eta besteen artean. Baina Biercek bazuen ukitu berezi bat, ironiarako joera imitaezina, bere garaiko idazleen artean nabarmenduarazi zuena.

Bere garaiko gizarte kontzientziaren xaxatzaile aparta, zorrotza bezain zinikoa, ez zioten alferrik jarri “Bitter Bierce” goitizena. “Bierce garratza”.


Esaten dute gerrak bihurtu zuela ziniko Ambrose Bierce. Soldadu ibili zen Amerikako Estatu Batuen gerra zibilean. Guda zelaian gertaturiko izugarrikeriek moldatu zuten bere aldartea, begiak ireki zizkioten.

Egun batean, Mexikora joateko asmoa zuela jakinarazi zien Biercek bere ingurukoei. Pancho Villak gidaturiko iraultzan parte hartu nahi zuen. Eroturik zegoela pentsatu zuten, 71 urte baitzituen orduan, baina alde egiten utzi zioten. Mexikoko mugaraino iritsi zela badakigu, baina hantxe desagertu zen bere arrastoa.

XABIER OLARRA
 

“Bitter Bierce ez zioten jarri bitterra gustatzen zitzaiolako, baizik eta bieter hitzak esaten duen bezala, tipo garratza zelako eta kalifikatibo hori bakarrik ez zuten erabili...Esaten zuten San Frantziskoko gizonik gaiztoena bezala ere deitu izan zuten...”

“Deabruaren hiztegia, berak kazetetan eta aldizkarietan egiten zituen hitzen definizio batzuk dira, edozein hiztegik ematen dituen bezala, baina noski, oso modu berezian eta oso ikuspegi berezitik...Gauzak definitu ez ikusi nahiko genituzkeen bezala, edo ez dakit zerk engainaturik edo liluraturik ikusten ditugun bezala, baizik ikusi behar diren bezala, lotsagabe batek ikusten dituen bezala”