"Pampelune rime avec lune”
1888ko irailean Dario de Regoyos margolaria Iruñera iritsi bertan eszena ilunak eta hitsak aurkituko zituelakoan. Emile Verhaeren poeta flandiarra berarekin zihoan. Kale ilunek margolariaren arreta bereganatu zuten, ilargiak poetarena.

“Handik gutxira ilargia atera zen, astro erdi itzali batetik sortu bailitzan. Verhaeren ustez, euskaldunek bete-betean asmatu zuten “hil argia” deituta. Eta poetarentzat ebanozkoa zen zerua gorritu egin zen, eta globo argitsuak limoi koloreko mozorro makur baten traza hartu zuen hasieran, zilarrezko disko bilakatzeko ondoren. Gainera, bere esanetan, frantsesez Pampelune hitzak lune-rekin errimatzen zuen! Bere ustez, frantsesez hitz gutxi daude ilargiarekin errimatzen dutenak. Horregatik poesiarentzat Iruñea aurkikuntza bat da. “Pampelune rime avec lune” errepikatzen zuen behin eta berriro, horra hor Iruñea maitatzeko arrazoia”. Darío de Regoyos

AINGERU EPALTZA
 

“Iruñeko gaua gauekoz beterik dago, gaueko bat baino gehiago dabil Iruñeko gauean, horiek ematen diote nolabaiteko magia Iruñeari, eta nik uste dut gainera ia-ia Iruñeari gelditzen zaion magia bakarra dela. Magia gauez ibiltzen direnek ematen diote, zerbait bilatzen dutelako: gaztakeria, amodioa, sexua, edo bilatzen dute, bertzerik gabe, iluntasunak urrupatzea eta horretan ilargia agertzen da eta ilargiak kale egiten die, azken batez, ilargiaren helburua iluntasuna argitzea baita, argi pixka bat ematea iluntasun horretan eta hemengo ilargia berezia da, bereziak hemengoak garelakoz”.

ANGEL ERRO  
“Nire poemetan gaua da bi gauza. Alde batetik, Virgilioren aipu bat, esaten duenean “ilargiaren isiltasun lagunkoia”... eta gero Borgesek errepikatzen duena eta oker aipatzen... eta bestetik, gaua sor dezakete bi eguzkik ere, bi eguzkik elkar eklipsatzen badute ere gaua sor dezakete”.
PABLO ANTOÑANA  
“Ilargia, euskaraz hil argi da, eta horixe da ilargiari buruz esan daitekeen gauzarik ederrena. Zeren amerikarrak lurralde horretara iritsi zirela esaten dute, nik ez dut horrelakorik sinesten, baina hara doaz hildakoen arimak, eta herri primitiboek hala dela uste dute. Ilargia ere poeta erromantiko tisikoen adbokazioa da, tisikoak ziren denak ozpina edaten baitzuten zurbil egoteko eta hil egiten ziren beren amodioekin. Beraz, gauaren apaingarri bat da. Niretzat ilargiak misterio ukitu bat du, eta eguzkiaren kontrakoa da”.