“Literatura historiari gailenduz”

Polonia. Hamaika gertaeren lekuko izan dira zeharkatzen zaituzten galtzadetako harriak. Hantxe zeuden, XVI. Mendean, Europako potentzia bilakatu zinenean. Hantxe zeuden, toki berean, XVIII.mendean independentzia galdu, eta, 120 urtez, herrialde bezala existitzeari utzi zenionean. Ondoren, mugak behin betiko finkatzeko eguna iritsi zen. Bazirudien bake garaiak zetozela. Baina erregimen komunistak berehala uxatu zituen amets eta ilusio guztiak. 1989. urtea arte, Poloniak ez zuen ezagutu demokrazia hitzaren esanahia.

Besteen menpean bizitzea zer den ondo baino hobeto dakien Tahar Ben Jelloun idazle marokiarrak esaten duenez, krisi garaietan literatura da salbazio bide bakarra. Halaxe gertatu da Polonian. Gizartea galdurik sentitu izan denean, hortxe egon da idazlea itxaropen mezuak helarazteko prest. Lurraldea nortasuna galtzeko zorian egon denean, hortxe azaldu da idazlea herrikideei nortzuk diren gogoraraztera. Hizkuntza ahazteko bidean izan direnean, orduantxe hasi da idazlea inoiz baino gartsuki sortzen, liburuetan ez baitira inoiz hitzak hiltzen.

Sortzaile ugari eman ditu Poloniak. Antzerki arloan Tadeusz Kantor aipa genezake; narratiban Jan Potocki ZARAGOZAN AURKITUKO ESKUIZKRIBUA liburu gogoangarriaren egilea zein Henryk Sienkiewicz, Wadislaw Stanislaw Reymont; edo Witold Gombrowicz eta Bruno Schulz garaikideen artean. Poesian, berriz, hortxe ditugu Adam Mickiewicz, Zigmunt Krasinski, Cyprian Kamil Norwid, Czeslaw Milosz, Wislawa Szymborska eta Adam Zagajewski beste batzuen artean.

GERARDO MARKULETA
 



... “Hiltzea ere, katu bati hori ez zaio egiten. Zeren, zer egin dezake katu batek pisu huts batean. Hormetatik igotzen hasi. Altzarien kontra marruskatu. Hemen ezer ez da aldatu, baina ezer ez da lehengo moduan. Ezer ez da lekuz mugitu, baina ezer ez dago bere lekuan. Eta argiak itzalita jarraitzen du iluntzean. Oin hotsak entzuten dira eskaileran, baina ez espero izandakoak. Esku batek arraina uzten du plater batean baina hori ere ez da lehengoa bera.

Zer edo zer ez da betiko orduan hasten. Zer edo zer ez da araututakoaren arabera gertatzen.
Hemen norbait zegoen, beti egoten zen, eta bat-batean desagertu egin zen eta ez egoten tematzen ari da. Armairuetan bilaketa egina dago, Ibiliak ere apalategiak. Alfonbra azpian ere egiaztatu da. Paperak barreiatzeko debekua ere hautsi da. Zer besterik egin daiteke?

Lo egin eta itxaron. Ai itzultzen denean, baina, ai agertzen denean! Orduan jakingo du ez dela hori katuak erabiltzeko modua. Oharkabean bezala hurbildu beharko zaio, poliki, oso-oso ofenditutako hankatxo batzuen gainean. Eta hasiera batean, ez horixe, ez jauzirik eta ez miaurik.”

RICARDO ARREGI DIAZ DE HEREDIA

 

...gero bitxia da ere Poloniako historia XX.mendean, zeren pasatu zaie denetarik poloniarrei. Ez dugu ahaztu behar Auschwitz eta horiek Polonian zeudela azken finean, edo Varsoviako edo Krakoviako getoaren historia...Hori ere bitxia izan da. Gero, Polonia izan zen pixka bat ekialdeko blokea suntsitzen hasi zen lehenengo herrialdea eta gauza guzti horiek nik uste dut oso, oso bitxi egiten duela herria, eta literatura ere bai...

...guztiak ez dira berdinak. Baina igual bai esan diteke guztiek daukatela kezka bat existentzia edo bizitza zergaitik den horrelakoa...Eta aldi berean, erantzunak ematen dituztenean ez dituzte ematen erantzun oso intelektualak. Ematen dute oso erantzun apala. Szymborskak esaten du bere azken liburuko poema batean berak ez duela azken hitza esango...Nik uste dut hori dela poeta hauen ezaugarri bat. Apaltasun hori nik uste dut oso interesantea dela...