“Durangoko azoka-
Idazleen irudimena”

Duangoko azokan irudimen froga bat egin dugu. Argazki bat erakutsi diegu zenbait idazleri eta errealitatea eta asmakizunaren arteko esperimentuan jarri ditugu
JOSEBA ZULAIKA
 
...nik esango nuke dela Oklahoma eta Georgiatik etorri den aitona esklabua zuen horietako bat eta hor dago galduta New York-eko hirian...
EIDER RODRIGUEZ  
...ez nuke jakingo kokatzen ez geografia ez denbora jakin batean...pentsatzen dut ezin kokatze hori pozgarria dela gaur egun hainbeste etiketa eta patroi ditugu kokatzeko...zoriontsu dagoela ematen du...
EDORTA JIMENEZ  
...gizona berez ekintzailea da, beharbada anarkista, pozik dago... spaghetti western haietako artista bat ekartzen dit gogora...eta gero purua dago...

JUANRA MADARIAGA  
...kartzelako horman, irten berria dago eta bere emaztea izan zenaren zain egongo da ziuraski. Nik uste dut aspertuta dagoela, badirudi ez zaiola inor bila etortzen eta desesperatzen hasita dagoela ematen du...
JOXE MARI ITURRALDE  
...izan daiteke ezkontza bat, dotore jantzita...bera ordea urduri dago, atzean istorio bat dauka, hiltzaile bat, lapur bat edo arazoak dituen gizon bat izan daiteke...baino parentesi bat egin du...Ez da ematen duena...
JOXERRA GARTZIA  
...nik nahiago dut pentsatu atzean dagoena Patziku Perurenak eraikitako pareta erdiurratu bat dela eta egia esan ikusi dudanean etorri zaidan lehenengo pentsamendua da, nahiz eta Dashiell Hammett eta John Steinbecken pertsonaien itxura izan, ze antza duen honek gaur egungo Mikel Lasarekin...
PADDY REKALDE  
...hauxe duzue Juan Sebastian Legorburu...baserrian presentatu zen eta labana batez zama moztu zion nagusiari. Handik egun gutxitara harrapatu zuten Pasaiako portuan ihesean...eta eskatu zioten damutzea baina berak aurre egin zion fusilamendu pelotoiari, puru eta guzti...
INAZIO MUJIKA  
...Mexiko alde horretan akaso, Pancho Villaren taldekoren bat dela esango nuke eta fusilatzeko momentuan dago paretaren kontra...
 

FORTINO SÁMANO



Fortino Sámano argazki hau atera eta segundu batera hil zuen fusilamendu pelotoi batek. Mexikon izan zen, 1913garrenean. Zapatisten kapitaina izan zen bera, eta, gobernuaren ekonomia suntsitzeko asmoz, diru faltsua egiteaz arduratzen zen. Pancho Villa edo Emiliano Zapata harrapatzeko adina gogo zioten federalek berari ere. Atxilo zutenean, lehenbailehen fusilatzea erabaki zuten. Fortino Samanok gehiegi zekiela-ta. Bere azken nahia, ezpainetan duen zigarro-puru horixe erretzea izan zen. Halaxe hil zen, eskuak poltsikoan, lasai eta begiak parez-pare jasota. Esaten dutenez, APUNTEN! esan zutenean, kapelua kendu zuen Fortino Samanok. DISPAREN! esan zutenean, bularra atera zuen, balek non jo eduki zezaten... Diotenez, berak esan omen zuen FUEGO!